Orri honen irakurtzeko bataz besteko denbora 3 minutukoa eta 39 segundukoa da. Ingurumenari gutiago eragiteko, gomendatzen dizugu bi orrialdetan inprimatzea, zuri eta beltzez, 2 orri hostoka.

Bidarrairen aurkezpena eta historia

Bidarrairen aurkezpena

Nafarroa Behereko mugetan, Lapurdiko mugan, Baztango bailararekin mugan, Artzamendi eta Baigurako mendien eta Iparlako kaskoaren artean dago Bidarraiko herria.

713 biztanleko herri hau Pirinio Atlantikoetako departamenduan dago, eta beraz Akitania Berria eskualdearen parte da. Ipar Euskal Herriko 158 udalerrietarik bat da, eta horiek denek Euskal Hirigune Elkargoa osatu zuten 2017an.

GR10aren geldiune, Jondoni Jakue bidean kokatzen da, Kanbo eta Donibane Garazi artean. Mendi-ibilaldien aktibitate horiez bestalde, ur bizietako aktibitate anitz daude Errobi ibaian.

Berdegune honetan artista anitz (idazleak, margolariak) egon dira, tokiko bazterren edertasunaz, Erdi Aroko zubiaz eta elizaz inspiraturik.

2019an, Frantziako herri loretsuen eta bizi kalitatearen bigarren saria erdietsi zuen (500 eta 1.000 biztanle arteko herrien kategorian).

Bidarrairen xarmari buruzko argibide gehiago behar izanez gero, joan zaitez Euskal Elkargoko Turismo Bulegoaren web-orrira: https://www.en-pays-basque.fr/eu/lurralde-eta-helmuga/errobiko-ibarra/bidarrai/

Historia

Bidarraiko mendien jendeztatzea aspaldikoa da. Horren lekuko dira mendateetan aurkitzen diren protohistorian datatu megalitoak (harrespilak, trikuharriak, monolitoak), garai batean han zegoen artzain-biziaren erakusgarri direnak.

Hala ere, gure herria XVI. mendearen bukaeratik goiti hasi zen zinez populatzen. Ordu arte, lurralde osoa aski babesgabea zen, gehienik oihanez eta sasiz estalia, gaur egun ditugun komunikazio-biderik gabe ("Bidarrai" toponimoak “bide + aran” hots "elorri beltzen bidea" erran nahi du).

Bidarrai, Nafarroako lurraldea

XII. mendean, halere, Orreagako Agustindarren monasterioak kapera erromaniko bat eraiki zuen hemen. Mendeetan zehar, kapera hori zaharberritu egin da, eta gaur egungo erromanikoaren perla den eliza zoragarri bihurtu da.

Kapera honen ondoan baserri bat eraiki zen, nagusiki ehunka txerriren hazkuntzaz arduratzeko, garai hartan hauen merkataritza joria baitzen. Multzoak ospitale bat osatu zuen. Compostelarantz zihoazen beilariek, beharrez, aterpea atzeman zezaketen hor, Jondoni Jakue bidearen bigarren mailako bideetako batean baitzen Bidarrai.

Behereko aldean, gaur egun Baztangoa deitzen den Ezpelura errekaren ondoan eihera bat eraiki zen (ondoko mendeetan sei eiheraraino ere izan ziren). Noblia zubia XIV. mendean eraiki omen zen. 

Hastapenean bost arkuz osatua, gaur egun lau besterik ez dira gelditzen, bosgarrena hain segur 1890eko hamarkadan trenbidea eraiki zelarik suntsitua izan baitzen.

Bidarrai, garai hartan Nafarroako Erresumaren zati zen Ortzaizeko ibarreko lurraldea zen, eta XVII. mendetik goiti partikularki garatu zen, Ortzaizeko haurrik gazteenak hemen plantatu zirelarik, eta Ortzaizeko herria osatzen zuten zazpi kartierretarik bat bilakatu zen.

Bidarraiko herria, 1800. urtean

Haatik, kasik mende batez Ortzaizeko herriarekin liskarrean ari izan ondoan, Bidarrai herri independente bihurtu zen 1800. urtean. Ordukotz, 1.400 biztanle inguru zituen.

XIX. mendeko lehen hamarkadak, bizkitartean, gogorrak izan ziren. Frantziako Iraultzaren garaian jadaneko, Bidarraik jasan behar izan zituen Pirinioetako Gerlaren (1793-1795) lazturak: frantses tropek eliza eta apezetxea errekisatu eta bipildu zituzten.

Gero, Napoleondar Inperioaren menpeko Frantsestean (1807-1815), baserri anitzek kalteak jasan zituzten, bereziki tropa frantsesen partetik, eta Erdi Aroko zubia suntsitua izan zen, Bidarrain kokatu dibisioaren buru zen Paris jeneralaren aginduz, espainol, portugaldar eta ingelesez osatu Wellingtonen tropen aitzinean errazago gibelera egiteko.Bidarrain bizitzea zaila zenez, Hego Amerikara eta gero Ipar Amerikara emigrazio handia izan zen, eta horrek biztanleriaren beherakada handia eragin zuen. Beherakada demografiko horretan beste faktore batzuek ere eragin zuten, haietan soldadutzari intsumisioak eta XX. mendeko bi Mundu Gerletan desertoreen kopuru handia izateak. Ondorioz, XX. mendearen bukaeran, Bidarraik 590 biztanle baizik ez zituen. Gaur egun, kurba hori pixka bat irauli da, 2024an 713 biztanle baitzituen Bidarraik.

Kontrabandoa, tokiko ekonomiaren zutabea

Bidarrai, oroz lehen, laborantzako herria zen, maiz malda zut-zuteko lurrak zituzten baserri ttipiz osatua.

Bizi ekonomiko eskasari buru egiteko, kontrabandoan ari izan behar zen, Bidarraiko herria Nafarroako Baztanekin mugakidea baitzen.

Kontrabandoa –animaliak, elikagaiak, edariak, jantziak eta materiala legez kanpo mugitzea eta salerostea– irabazi oneko aktibitatea izan zen eta bere ospe garaia ukan zuen, bereziki Ganix Anchordoquyrekin, izengoitiz Ganix Makeakoarekin, Bidarrain sortu kontrabandoko buruzagi beldurgarriarekin.

Lehen Karlistaldian (1833-1840), 1838ko urrian, muga pasarazi zion, adibidez, Beirako printzesari, Don Karlosen emazteari, jendarme eta mugazainen sudur-muturrean, nahiz eta haiek erne egon.

Lehen mailako pertsonaia kulturalak

Bidarrain izan dira bertsolari eta olerkari ezagunak:

  • Ñarro, Bidarraitarra kantu ezagunaren egilea (1819);
  • Joanes Otxalde (1814-1897), gure inprobisatzaileetan handiena;
  • Grazian Adema, izengoitiz Zaldubi (1828-1907), kantu anitzen egilea, haietan Biba Bidarrai!, Frantziako estatuak agindu 1906ko Erlisionezko Ondasunen Inbentarioaren karietara, segurtasun indarrei buru egin zieten herritarren omenez;
  • Jules Moulier, izengoitiz Oxobi (1888-1958), alegia idazle ezaguna;
  • Jean-Pierre Iratxet (1921-1991), talentu handiko idazle eta kronikaria, eta poesia eta kantuen egilea ere bai;
  • aipatzekoa da Maite Barnetxe ere (1941-1986), euskarazko telebistaren aitzindaria.

Bidarraik ere baditu bere leku enblematikoak, besteak beste:

  • trinketea, Euskal Herriko zaharrenetarik bat, lehengo jeu de paume-ko lekua;
  • Baztango errekaren gainean dagoen Infernuko Zubi famatua (kondairaren arabera, deabruak bere burua bota zuen zubiaren gainaldetik, ez baitzuen euskara ikastea lortu, hori zelarik herriko neska batekin ezkontzeko baitezpadako baldintza);
  • eta Harpeko Saindua, han isurtzen den urak ekzema sendatzen omen duelarik.